Proiekturako
Proiekturako proposamenak
Aurreko unitate didaktiko guztietan bezala, honetan ere arazo edo egoera problematiko bat izango duzue ebazteko. Bestalde, honezkero jakingo duzue nola osatzen dugun unitate bakoitzaren egitura, eta badakizue nola hasi ohi dugun azterketa hori: arazoa identifikatuz. Horretarako egingo duzue jarduera hau, arazoa identifikatzeko eta proiekturako proposamena aukeratzeko.
• Aukera ezazue proiektu bat proposatzen dizkizuegun horietatik (edo zuek irakaslearekin adostu duzuen hori), eta egizue, unitatean markatzen dizuegun ildoari jarraituz.
1. proposamena
Kale batean konponketa-lanak egiten ari dira, eta zirkulazioa errei bakar batetik egin daiteke. Baina zirkulazioa bi noranzkoetan izatea nahi dugu, autoak alde batera eta bestera txandakatuz ibiltzeko, baina istripu-arriskurik ez izateko moduan, betiere.
2. proposamena
Poliestireno hedatua (poliexpana ere deitua) teknologiako lantegian sarritan erabiltzen den materiala da, nahi diren piezak eta irudiak mozteko. Poliestireno hedatuzko xaflak mozteko tresna bat eskuratu nahi dugu, baina halako makinarik eskuratu ezin denez, lantegian bertan zuek egitea litzateke irtenbidea.
3. proposamena
Kiroldegira doazen kirolariek edari freskagarriak erosteko aukera nahi dute. Tabernarik ez dagoenez, norberak hartu eta ordaindu beharko du freskagarri hori. Zer asmatuko zenukete, dirua ordainduz freskagarriak eskuratzeko?
Beste unitateetan bezala, arazoaren identifikazioa eta deskribapena egin eta idatzi behar duzue hurrengo orrialdeko fitxaren antzekoan.
• Defini ezazue, zehatz-mehatz, zein den aukeratu duzuen proposamena, eta, ondoren, deskribatu, ahal dituzuen argibide gehienak emanez, zein diren egoera horrek planteatzen dituen baldintza nagusiak edo mugak, arazoa gainditzeko eraikiko duzuen proiektuak zer egin beharko lukeen, eta abar.
PROIEKTUAREN TXOSTEN TEKNIKOA
Arazoaren identifikazioa
Arazoaren deskribapena
Fitxategia: