Planifikazioa

Unitatea hasi eta berehala (ikusi 3. jarduera, Proiekturako proposamenak izena duena, 9. orrialdean), hainbat proposamen egin genizkizuen, haietatik bat aukeratu eta bertako arazoari erantzuna emateko (proiektu bat gauzatzeko). Hori lortzea da unitate honen helburu nagusia. 
 
Baina orain hasi behar duzuen atal honen helburu nagusia hori baino xumeagoa da: lanean hasi baino lehen planifikazioa egiten ikastea. Izan ere, proiektua gauzatzeko, oso interesgarria izango da nondik nora joango zareten zehaztea eta aurrez planifikatzea, alferrikako lanik ez egiteko, eta proiektua ahalik eta egokien gauzatzeko.  
 
Proiektuarekin hasi aurretik, begiratu ea eginda dituzuen honako lan hauek: 
• Aukeratutako proposamenaren arazoa zein den zehaztu. 
• Konponbidea zein izan daitekeen aztertu, eta eraiki behar duzuen tresnaren zirriborroa marraztu. 
• Muntaketaren edota haren zenbait zatiren marrazkiak egin. 
• Eraikuntzan erabiliko dituzuen materialak zehaztu, bai eta horien berezitasunak ere. 
• Egiteko falta zaizuena zer den erabaki. 
 
Eraikuntzarekin izango duzuen lana ondo antolatzearen garrantzia kontuan izanik, antolaketa hori bideratzen saiatuko gara hurrengo jardueretan. 
 
Eraikuntzaren antolaketa 
 
Eraikitze-lanean hasi aurretik, ezinbestekoa izaten da egin behar den lana ondo antolatzea. Jarduera honetako ariketek helburu hori izango dute. 
 
Egin itzazue hemen eta hurrengo orrialdean datozen ariketak (kontsulta ezazue behar duzuen informazioa); azter itzazue arazoak, eta erantzun galderei. 
 
1. ariketa 
Eraiki nahi duzuen tresna gauzatzeko, zenbait pausori jarraitu beharko diezue, eta horietatik lehena, diseinatu dituzuen piezak aukeratutako materialaren gainean marratzea (trazatua egitea) izango da (mozteko, kokatzeko…).  
 
Trazatua egiteko, lagungarri izango dituzue honako tresnak: erregelak, eskuairak, kalibreak, metro tolesgarriak, gramilak, graneteak, konpasak, eta abar. Bil ezazue tresna horiei buruzko informazioa hiztegi edo kontsulta-liburuetan. 
 
2. ariketa 
Imajina ezazue azpiko hau dela trazatua egiteko erabiltzen diren tresnen armairua. Irudika ezazue non eta nola jarriko zenituzketen tresna horiek. 
3. ariketa 
Zure proiektuan erabiltzeko materiala aukeratu, osatu behar dituzun piezak trazatu eta pieza horiek moztu nahi dituzue. Mozten hasi aurretik, ordea, horretarako teknikari buruz oinarrizko zenbait gauza gogoratzea komeni zaizue. Hemen beheko eta hurrengo orrialdeko galderek horretarako laguntza eskainiko dizuete. 
 
1. Zerra berdinak erabiltzen al dira metalak, egurra eta plastikoak mozteko? Zergatik?
 
2. Horietako zerra bat edo beste aukeratzerakoan, hauetako zein ezaugarriren edo irizpideren arabera egiten da, zuen ustez: materialaren neurria, forma, kolorea ala gogortasuna? 
 
3. Zerra guztiek ez dituzte hortza berdinak izaten, ez kopuruz eta ez tamainaz ere, eta kasu bakoitzean aho egokia duen zerra aukeratu behar izaten da, lana egoki egiteko. Zein eratako ahoa duen zerra aukeratuko zenukete zuek burdina zerratzeko, adibidez? 
 
4. Zergatik? 
 
5. Alboko irudian agertzen diren zerra mota horietatik, zein dauzkazue zuen teknologia-gelan. 
 
6. Ba al dakizue zer izen duen zerra mota horietako bakoitzak? Ipin iezaiozue zenbaki bat argazkiko zerra bakoitzari, hemen azpiko izenen arabera.
I Metalentzako zerra txikia  
II Metalentzako arku-zerra, burdin zerra
III Orri bizkarduneko zerra (ebaketa zuzenak egiteko)
IV Zerra puntaduna
V Marketeria-zerra, inguratzeko zerra
VI Esku-zerra arrunta, zerrotea 
 
7. Horietatik zein erabili beharko dituzue zuen proiektua eraikitzerakoan?
 
8. Arku-zerra bati zerra-ahoa aldatzea egokitzen bazaizue, ba al dakizue hortzak zer noranzkotan dituela lotu behar duzuen? 
 
9. Zergatik? 
 
4. ariketa 
Jarduera honi amaiera emateko, begira ezazue zure Eraikitze-teknikak liburuxkan zein den hainbat motatako zerrei heltzeko era zuzena (egokiena eta erabilgarriena), eta zein den materialak zerratzen hasten garenean zerrak materialekiko izan behar duten angelu egokia. 
 
Begiratu, baita ere, nola finkatu behar dituzuen zerratu nahi dituzuen piezak, zerratzerakoan mugi ez daitezen, eta zer tresna erabili behar diren horretarako: bankuko torlojua, sarjenta, oragailua…  
 
5. ariketa 
Jarduera honetan egin dituzuen lau ariketa horien bidez, materialak trazatu eta mozteko teknikak eta tresnak aztertu dituzue, baina atal edo zati horiek lotu egin behar dira gero. Zer material eta teknika erabiltzen dira horretarako? Informa zaitezte. 
 
 
Oharra: Hurrengo jarduerako ikerketa, hemen lortutako informazioa osatzeko proposatzen dizuegu.
Fitxategia: