Planifikazioa

Unitatea hasi eta berehala, hainbat proposamen egin genizkizuen, haietatik bat aukeratu eta bertako arazoari erantzuna emateko (proiektu bat gauzatzeko). Hori da unitate honetako helburu nagusietako bat; bestea, aisialdirako etxe bat nola egin eta antola daitekeen aztertzea. 
 
Dagoeneko prest zaude proiektu hori eraikitzeko, baina, horretan hasi aurretik, gogoeta gisa, zenbait puntu begiratzea komeni zaizu: 
 
• Zehaztu al duzue zein den proposamen horretan benetan ageri den arazoa? 
 
• Aztertu al duzue konponbidea zein izan daitekeen, eta egin al duzue tresnaren zirriborroa? 
 
• Tresnaren, muntaketaren edota horien zatiren baten marrazkirik egin al duzue? 
 
• Zehaztu al duzue zer material erabiliko dituzuen, eta horiek zer berezitasun dauzkaten? 
 
• Ba al dakizu zer falta zaizuen egiteko? 
 
Proiektua eraikitzeko, oso interesgarria izango da eraikitze-lana nondik nora joango den zehaztea eta aurrez planifikatzea, alferrikako lanik ez egiteko eta proiektua ahalik eta egokien gauzatzeko.  
 
Atal honen helburu nagusia horixe da: lanean hasi baino lehen, planifikazioa egiten ikastea.  
 
Baina horrez gain, baditugu jarduera honetan jorratuko ditugun beste bi puntu ere: materialen erabiletak sortzen dituen hondakinen antolaketa eta materiala erabiltzeko ohikoak diren Eskaera eta emate-orriak. 
 
Materialen erabilera eta hondakinen antolaketa 
 
Gogoratu, hasiera-hasieratik, aisialdirako etxea eraikitzea izan dela proiektu nagusia unitate honetan. Jo dezagun gure amets hori egia bihurtu dela, eta hor dugula etxea eraikirik, herritik 20 km-ra, mendi baten magalean (400 m-ko garaieran itsas mailatik)…  
 
DBHko 2. mailako ikasle guztiek irteera antolatu dugu hiru egun han pasatzeko. Egonaldi horretan sortuko genituzkeen hondakinekin zer egin aztertuko dugu jarduera honetan.  
 
Gure proiektuan beste arazo bat agertu zaigu: zer egin hondakinekin. Azter ezazue zer irtenbide eman beharko geniokeen arazo horri.
 
1. Ba al zenekiten pertsona bakoitzeko, batez beste, 1-1,5 kg hondakin sortzen ditugula egunero? Horixe da pertsona "aurreratuok" daukagun "abantailetako" bat. Zuek ere sortuko zenuten hondakina franko aisialdiko etxean egindako hiru egun horietan, ezta? Egin ezazue sortutako hondakinen zerrenda bat: 
• Papera 
• Hondakin organikoak 
• … 
• … 
 
2. Hondakin horietatik, zein birzikla daitezke? 
 
3. Eta berriz erabili? 
 
4. Zer egin dezakegu birziklatu edo berriz erabili ezin diren gainerako hondakinekin? Zer egiten da, normalki, mota horretako hondakinekin zuen herrian? 
 
5. Zer egin dezakegu mota horretako hondakinak murrizteko edo ez sortzeko?  
6. Hondakinen pilaketa arazo bihurtzen ari da gure gizarte "aurreratuan". Betikoa izan al da arazo hori? Noizdanik sortu da?
 
7. Lehen zer egiten zen hondakinekin? Orain bezalako hondakinak sortzen al ziren?
 
8. Bururatzen al zaizue hondakin-pilaketaren arazoa gainditzeko irtenbiderik? 
 
9. Zer egiten duzue zuek etxean zaborrekin? . 
10. Zaborrak murrizteko neurririk hartzen al duzue? 
 
11. Orain arte aipatu ditugun hondakinak, hondakin solidoak dira, baina konturatu al zarete horiek ez direla hondakin bakarrak? Hainbat hondakin harraskatik edo komunetik behera isurtzen dira, eta ura kutsatzen dute. Zer dakizue horretaz?   
 
12. Orain dela urte gutxi batzuk arte, ur kutsatua estoldetatik ibaira eta ibaitik itsasora joaten zen. Zer gertatzen zen ibai horiekin? Eta itsasoarekin? Nolako neurriak hartu dira kutsadura hori murrizteko?
 
13. Zer egiten da, gaur egun, ibaiak garbi edukitzeko, eta horietara bizia itzultzeko (landareak, arrainak…)? Gai kutsatzaileak zuzenean isurtzen al dira ibaira? (Aurki ezazue informazioa udaletxean edo informazio-liburuetan) 
 
14. Azken urteotan zein berrikuntza teknologiko sortu dira, edo erabiltzen dira, urak garbitzeko?
 
15. Gai hau zabala eta korapilatsua da, eta denon artean eztabaidatzea komeni da. Eztabaida bideratzeko, beheko taularen antzekoa bete eta azter dezakezue. Zuen iritziak agertu, konparatu, –behar izanez gero– eztabaidatu eta erantzun posibleak aurkitzen lagunduko dizue. 
 
TEKNOLOGIAREN ONURAK                                                         TEKNOLOGIAREN KALTEAK
Fitxategia: