Inguruko makinen

Inguruko makinen behaketa 
 Beste unitate batekin hasteko unea duzue orain, eta, honezkero, ondo baino hobeto ikasirik izango duzue nola antolatuta egoten diren teknologiako unitate hauek.  
 
 Oraingo honetan, abiatzeko proposatzen dizuegun gogoetarako puntua edo gaia hauxe izango da: eguneroko bizitzan zuen inguruan aurki ditzakezuen zenbait objektu teknikori edo makinari behatzea; funtzionamendu aldetik, bereziki.  
 
 Tresna horien inguruko behaketa bideratzeko, honako azterketa-jarduera hau proposatzen dizuegu.  
 
 • Azterketa guztietan egiten dugun eran, galdera batzuk jarriko dizkizuegu azterketa bideratzeko. Saia zaitezte hemen behean eta hurrengo orrialdean egiten dizkizuegun galdera horiei erantzuten. 
 
 1. Inoiz ikusi al duzue funtzionatzen tresna edo makinaren bat, erabiliko edo zainduko duen arduradunik ondoan izan gabe? Aipatuko al zenituzkete horrelako tresnaren batzuk? Eta esango al zenukete zer funtzio betetzen duten? 
 
 2. Beti horrela izan ote da, edo garai batean, tresna hori erabiltzen zuen arduraduna tresnaren ondoan egoten ote zen?
 
 3. Lehen, pertsona batek egiten zuen lan hori; nork edo zerk egiten du orain?
 
 4. Era horretako aldaketek izan al dute ondoriorik gizartean? Zein?
 
 5. Makinak eta tresnak automatikoki kontrolatzeko mekanismoek pertsona arduradunen funtzioa hartu dutela aipatu dugu, baina horrek ekarri al du onurarik? Eta arazorik sortu? (Gogoan izan hainbat puntu: lanerako erosotasuna, lanpostuak sortzea edo murriztea, produktuen ekoizpenean izan dezakeen eragina, emakumezkoak lan–munduan barneratzea…)  
 6. Hainbat tresna urrundik kontrola daitezke. Aipatuko al zenukete era horretan funtzionatzen duen jostailurik? Zein?
 
 7. Zer bitarteko erabiltzen da jostailu hori kontrolatzeko?
 
 8. Esan al zenezakete zer bitarteko erabiltzen diren, oro har, tresna horiek automatikoki kontrolatzeko?
 
 9. Konturatu al zarete kontrolagailu horietako batzuk egiten dutena behin eta berriro errepikatzeko programatuta daudela; hau da, ekinaldi bateko lan guztiak (ziklo bat) bukatzen dutenean, hasierara itzultzen direla, eta berriro hasten dute zikloa? Aipatuko al zenukete horrela funtzionatzen duenik?  
 
 10. Urrutira joan gabe, zuen teknologiako gelan ikusten al duzue era horretara erdi automatiza daitekeen eginkizun edo efektu kateaturik? Zein? 
 
 11. Jo dezagun kafea, tea, kafesnea eta beste zenbait edari bero eskaintzeko gai den makina bat dela. Jo dezagun makina automatiko hori martxan jartzen duten ipotxak ditugula, eta ipotx bakoitzak eginkizun bakarra duela. Kafesnea eskatzen baldin badiogu makinari, nola banatuko dute lana ipotxek?
Fitxategia: