Gizakia eta teknologia
Izakiaren beharrak eta teknologia
Ikasturteko lehen proiektuarekin hasteko une honetan, eta bertan jorratuko duzun gaian abiatu eta girotzeko, ideia eta galdera batzuk aurkeztuko dizkizugu lehen jarduera honetan.
Jarraian datozen testua eta galderak horretarako dira. Irakur itzazu, eta ondoren eztabaida itzazue, taldekideen artean. Gero, idatz ezazue hor aurkezten diren ideiak eta horiei buruzko zuen iritzi arrazoitua.
Gizakiak, aspalditik, arazo ugariri eman behar izan dio erantzuna, bai bizirik iraun ahal izateko, bai bere bizi baldintzak hobetzen joateko: eguraldiaren hotz-beroetatik eta animalien erasoetatik babestu, elikagaien bila lekualdatu...
Sortu zaizkion arazo horiek guztiak konpontzeko, gizakiak tresnak eta beste hainbat produktu sortu eta eraiki behar izan ditu: armak, eraikuntza sinpleak, tresnak, jantziak... Bestalde, elikagaiak erein, zaindu eta jasotzeko, edota etxeko lanak arintzeko, hainbat produktu eta tresna berri ere sortu ditu gizakiak.
Beraz, bizi-baldintzak hobetzeak (bizirik irauteaz gain) produktu berriak egitera bultzatzen du gizakia, eta gaur egun, inolako zalantzarik gabe, esan genezake gizakiok baliabide asko ditugula bizitzeko, eta, batez ere, eroso bizitzeko. Hala eta guztiz ere, gizakioi ez zaigu agortu produktu berriak sortzeko irrika.
Gauzak horrela, ezin ukatu jarduera teknologikoa erabat lotuta doala gizakiaren izaerarekin berarekin. Gizakiok, gure beharrek eta erosoago bizitzeko ditugun nahiak bultzatuta, behar horiek asetzen ahalegintzen gara, gure bizi-baldintzak hobetu nahian.
Ados al zaude proposatu dizugun irakurgai horretan datozen ideiekin?
Zein ondorio atera dituzu gaia zure taldeko kideekin eztabaidatu ondoren?
Gaur arte sortu diren eta etengabe sortzen ari diren produktu berri guztiek hobetzen al dizkigute bizi-baldintzak?
Fitxategia: