Teknologia arlo kurrikularra

Teknologia arloko curriculuma diseinatu eta garatzeko orduan ikuspegi eta estrategia desberdin zenbait hartu izan dira abiapuntu eta antolakuntza eredu bezala. Gure proiektuan jaso nahi dugun ikuspegia, hezitzaile-kulturala izendatuko genukeena da.
 
Teknologia arloaren orientabide honek ezagutza zientifikoak eta teknikoak nahiz humanistikoak integratzen ditu eta ikuspegi hezitzaile eta kultural batez lantzen ditu etapako helburuen zerbitzuan. Teknologia, honenbestez, kulturaren oinarrizko alor bezala hartzen da eta ikasleari honelako bilakaeran lagundu beharko lioke: Arazo praktiko edo hurbilei erantzuteko gaitasuna garatu eta beren autonomia eta kritika ahalmena areagotu teknifikaturik dagoen ingurunearekiko etengabeko harremanean.
 
Problema praktikoa ebazteko jarraitzen dugun bide horri proiektuen metodoa deitzen diogu. Gainera, unitate didaktikoen egitura garatzerakoan eskema berari jarraitu diogu, ondorengo ataletan ikusi ahal izango den bezala.

Lehen zikloa

Bigarren Hizkuntzaren etapa honetan, hasieran arazoa planteatzetik lana burutzera joko da arin, antolaketa lana pausoka gidatuz. Fase honetan, arazoari irtenbidea eman ondoren, baliabide, material, tresna, hartutako denbora, jarraitutako prozesu, eta abarri buruzko gogoeta egin beharko litzateke.

Gogoeta hori hortik aurrera burutuko den hurrengo lanaren hobekuntzarako abiapuntua eta plangintza antolatzeko beharrezko baliabideak barneratzeko bidea izan daiteke. Azken finean, proposamen honekin zera bilatzen da: arazoak ebazteko gaitasunak garatzea, lan proiektuak burutuz.

Proiektuen metodoa: Metodologiaren oinarria.

Arlo honen curriculum planteamenduaren abiapuntu nagusietako bat hau da: gizakiak teknologiaren bitartez arazoak gainditzeko erabili dituen metodoak eta baliabideak erreferentziatzat hartzea. Era horretara, prestakuntzarako eta goian aipaturiko gaitasunak lortzeko ardatz nagusia honetan biltzen da: arazo baten identifikazioan eta analisian, eta arazoa gaindituko duen objektuaren elaborazio eta ebaluazio bidean lantzen diren trebetasunetan eta ezagutzan.

Bigarren zikloa

DBHko 3. MAILA

Argi automatikodun kotxearen proiektua eta kronograma

Oharra: Unitate proposamen hau II zikloko irakasleen mintegian aurkeztutakoa da, azken lau urteetako lanaren emaitza gisa. 2009-2010 ikasturteko hiruhileko batean aplikatzeko egokituta dago (20 ordutan banatuta). Ikus lanerako kronograma.

Ikasturte osorako proposamenak

URTE OSOKO IRAUPENA DUEN PROIEKTURAKO PROPOSAMENAK

  1. PROPOSAMENA. Garajeko atea
  2. PROPOSAMENA. Argi automatikoak dituen autoa
  3. PROPOSAMENA. Berotegi automatizatua
  4. PROPOSAMENA. Erakusleiho adimenduna
  5. PROPOSAMENA. Euri-babes automatikoa
  6. PROPOSAMENA. Garabia
  7. PROPOSAMENA. Zaintzaile elektronikoa
  8. PROPOSAMENA. Kale-argiztatze automatikoa
  9. PROPOSAMENA. Ureztatze-sistema automatikoa

Proposamen didaktiko hauetako bakoitza ikasturte oso batean (60 ordu) garatzeko diseinatuta dago. Oro har, jarduera didaktikoak baliokideak dira proiektu guztietarako.

Eduki blokeak

Arlo honetako edukiak bi multzo handitan antolatuta agertzen dira, osagarri edo inguru teknologikoak barne hartzen direlarik:
A.– Multzo metodologikoak. Arlo honen prozedurazko izaera nabarmena azpimarratzen dute.
 
  • Objektuen eta sistemen azterketa
  • Objektuen diseinua eta eraikuntza
 
Horiek dira etapa honetako ikaskuntza-prozesuaren oinarri eta gidari diren multzoak.
 
B.– Multzo informatzaileak. Hainbat esparrutako informazioa biltzen da, hala nola: adierazpena eta komunikazioa, zientzia, esparru teknikoa, mundu informatikoa eta esparru soziala eta historikoa.
 
  • Ideiak adierazteko eta grafikoki komunikatzeko teknikak
  • Tresnak, teknikak eta eraikuntza-prozesuak
  • Material eta operadore teknologikoak
  • Antolaketa- eta kudeaketa-teknikak.
  • Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.
  • Kontrola eta robotika
  • Teknologia eta gizartea.

Eraiketa teknikak

Osagai metodologiko honetan, arazoen ebazpenean egin beharreko lan ordenatu eta sistematikoa nahiz lan horretan eskatzen diren trebeziak jaso nahi dira. Arazo esanguratsuak ebazteko estrategiekin batera operadore teknologikoen funtzionamendua analizatzeko eta ulertzeko gaitasunak ere kontsideratzen dira. Honenbestez, osagai hau tailerreko lan prozesuak gauzatzen eta hobetzen lagunduko du eta horregatik aparteko arretaz jaso nahi da.
 
Liburu honen edukia, lehen zikloari dagokionez, lau eremu nagusitan zabaltzen da: egiturak, loturak edo elkarketak, mekanismoak edo mugimenduaren transmisioa eta kontrol elektrikoa.