Historiari begiradatxo bat

Gizakion eta gainerako izaki bizidun guztien biziraupenerako, elikagaiez gain, bada ezinbestekoa zen beste gai bat: ura. Urari esker sortu da bizia Lurrean, eta gaur egun ezagutzen dugun bizidun orok, bizitzeko, era batera edo bestera, ura behar du. 
 
Gizakiak, uraren behar hori asetzeko eta ura ahalik eta era erosoenean eskura edukitzeko, hainbat asmakizun, tresna, eraikuntza eta lanabes osatu ditu: ura putzuetatik ateratzeko, ura garraiatzeko, ura metatzeko, lursailak ureztatzeko sistemak martxan ipintzeko...  
 
Gizakiok egindako asmakuntzei begirada bat botatzen badiegu, historiak erakutsiko digu ura (elikadurarako eta bizitzarako gaia izateaz gain) energia-iturri moduan ere erabili dugula (eta erabiltzen dugula). Hori horrela dela frogatzeko, hor daude errotak, zentral hidroelektrikoak eta abar. 
 
Gaian abiatzeko, eta, batez ere, gaiari buruz dakiguna zer den ikusteko, oso interesgarria izango zaizu honi buruz azterketatxoa egitea. Hemen behean duzu azterketa hori bideratzeko jarduera. 
 
Gizakiok ura eskuratzeko eta uraren bitartez energia lortzeko asmatu ditugun tresnei buruz aztertzeko ariketa da jarduera honetan proposatzen dizuguna. 
 
 
Hiztegiak edota informazio-liburuak erabiliz, saia zaitez gaiari buruz dakizuna adierazten. Azterketa-jarduera guztietan egiten dugun eran, galdera batzuk eskainiko dizkizugu azterketa bideratzeko. 
 
1) Gizakia nomada zenean, non eta nola lortzen ote zuen ura? 
 
2) Gizakia sedentario bihurtu zenean (leku batean finkatu), non eta nola lortzen ote zuen ura? 
 
3) Ba al duzu Segoviako akueduktuaren berririk? Zer da? Zertarako eraiki zen? Noiz? 
 
4) Noainen (Nafarroako herria) ere bada akueduktu bat. Aurki ezazu horri buruzko informazioa. 
 
5) Erroma hirian akueduktu ugari zeuden, eta gaur egun oraindik bat edo beste erabiltzen da. Akueduktuek garrantzi handia izan dute hirirako. Esango al zenuke zergatik? 

6) Esango al zenuke zer berezitasun dituen Erromak klima aldetik, nolako erliebea duen eta abar?
 
7) Gaur egun urtegi asko egiten dituzte, eta beste asko egiteko asmoa dago. Zertarako behar ote dira urtegi horiek guztiak?
 
8) Noiztik sortu da urtegien beharra?
 

9) Herrialde guztiek behar al dituzte urtegiak?  
 
10) Edozein herrialdetan egin al daitezke urtegiak? Zergatik? 
11) Aurreko galderetan, informazioa aurkitzen aritu zarenean, topatu al duzu aurreko unitate didaktikoetan ikasi eta aztertutako garraiatze-sistemarik? Adierazi zein izan diren agertu zaizkizun sistema horiek. 
 
12) Hemen alboko irudietan (argazkietan) ura putzuetatik ateratzeko erabili izan diren edo erabiltzen diren hainbat era ikus ditzakezu. Adieraz ezazu bakoitzaren funtzionamendua: 
Txirrika - soka sistema
 

Biradera
 
Haizez eragindako sistema (haize-errota) 
 
Engranaje-sistema
 
13) Gaur egun zeren bidez ateratzen da ura putzuetatik? Nola funtzionatzen du? 
 
14) Izenda itzazu gaur egun ura garraiatzeko erabiltzen diren sistema batzuk

 

Fitxategia: